
Estatu Batuetako sistema aztertzen dugunean, heriotz zigorraren aplikazioa izaten da kritikarako motiborik handienetakoa.
Pertsona batek egin duen gaiztakeria edozein izanda ere, pertsona hori hiltzea gehiegizkoa da, inork ez duelako lagun urkoari bizia kentzeko inolako eskubiderik. Gainera, prozesu horietan gerta daitezkeen akatsek ez dute atzera-bueltarik.
Ez da kasualitatea euskal jatorria zuen Pablo Ibarrek eta bere familiak Euskal Herrian jaso duten babes zabala. Ezta ere Amina Lawal emakume nigeriarraren lapidazioa ekiditeko hainbeste sinadura biltzea.
Zenbat diru erabiliko genukeen, zenbat sinadura bilduko genituzkeen Isaias Carrasco Arrasateko zinegotzi-ohiaren bizia salbatzeko?
Zein izan da Isaiasek egin duen gaiztakeria horrelako zigorra jasotzeko? Egin duen gauza bakarra da ideia batzuk izatea, eta ideia horiek gidatuta, bere herriaren aldeko konpromisoa hartzea.
Bere ideiak izateagatik beste batzuk kartzelan daude, adibidez EHUko gure lankidea den Karmelo Landa, eta horren kontra agertu gara behin baino gehiagotan. Espero dugu pertsona horiek guztiak lehen bait lehen etxean egotea. Isaiasen bizia errekuperatzea, ordea, ezinezkoa da, heriotz zigorra aplikatu diotelako. Egin dezakegun gauza bakarra da Isaias gerra zikin honek sortzen duen azken biktima izan dadila eskatzea.
Gerra estrategiaren ondorioz, pentsamendua militarizatu egiten da, eta zurekin ados ez dagoena etsai bihurtzen da, eta etsaiak ez du inolako eskubiderik. Etsaiari gertatzen zaionak ez du inolako sentimendurik sortzen bere aldekoak ez direnengan.
Militarizazioaren aurrean, zibilizazioa defendatzeko deia egiten dut, eta bere oinarria pertsona guztien eskubide guztiak errespetatzean datza. Norberak bere ideiak izateko eskubidea duela aldarrikatu behar dugu, horren ondorioz inolako kalterik edo zigorrik izan gabe.
Nazio erainkuntzaz luze hitz egin da azken urteetan, baina nazioa egunero egiten dugunaren bitartez eraikitzen da. Nik ez dut heriotz zigorra aplikatzen duen naziorik nahi, nik ez dut onartzen, ez dut onartuko giza eskubideak errespetatzen ez dituen aberririk.
Ruben Belandia